

Duela gutxi etxez aldatu naiz, horrek dakarren nahaste-borrastearekin, lan pilaketarekin, etsipenarekin eta zergatik ez esan, baita ezuste atsegin batzuekin ere. Hainbeste liburu, aldizkari eta artikulu berrantolatu behar horretan, duela urte batzuk egindako eta jada ahaztuta nituen idazlanak agertu dira karpeta batean. Lekualdaketak dakarren zurrunbiloan, idatzi horiek aspaldiko garaietara eraman naute, idatzi nituen momentura hain zuzen ere.
Testuinguru horretan berreskuratu nuen 2005. urtean Gipuzkoako Entomologia Elkarteak antolatuta egin genuen lehenengo ekitaldi gastroentomologikoa irakurle guztiei aurkezteko idatzitako artikulua. Momentu batez urte hartako Ugaldetxora itzuli nintzen, non oso jendetsua ez zen talde bat elkartu ginen, ia inork elkar ezagutzen ez zuen talde bat hain zuzen ere, mahai baten inguruan intsektuez hitz egiteko. Giroan sumatzen zen zer edo zer berezia egiten ari ginela, gaurko egunean oso eskasak baitira Penintsulako entomologia munduan horrelako bilerak: burutsuegiak, ortodoxoegiak eta gehienetan lekuz kanpokoak eta zaharkituak.
Egun ahaztezina igaro ondoren, agurtzeko garaian, nolabait araokatu genuen hurrengo urteetan horrelako bilera informalak egitea, nahiz eta barru-barrutik guztiok pentsatu bilera hura “beroaldi batek eraginda antolatu zela”.


Gaur egun eta garai hartara begiratuz, geure buruak zoriondu ditzakegu lehenengo bilera hura, nahiz eta ohiz kanpokoa izan, Euskal Autonomia Erkidegoko eta inguruko entomologoen agendetan atxikita gelditu delako, baina orain normaltasun baten barruan.
Horrela, joan den martxoaren 27an lagun talde bat elkartu ginen berriro ere Ugaldetxo Jatetxean (Hernanitik Goizuetara doan errepideko 8. kilometroan).



Jatetxea, aurreko urteetan bezala zoragarri zegoen, zoragarriago esango nuke nik.
Ohiturak agintzen duen bezala, pixkanaka-pixkanaka joan ginen gerturatzen, 14:00ak alderako denak han ginelarik, isildu ere egin gabe eta aperitiboak probatzen, gosea erakartzeko edo… Bazkaria beti bezala joan zen. Denbora konturatu gabe pasatu zen, horrelako momentuak gure afizio bera duten pertsonekin emateagatik sentitzen dugun zorionaz ohartu ere egin gabe.
Bazkariaren ondoren, Xanti Pagolak espezie inbaditzaileei buruzko hitzaldi bat eman zigun eta gure ingurumarietara gerturatu diren ia intsektu inbasore guztiak ere aurkeztu zizkigun. Jorgeren iritzia kontuan hartuz gero, nahiko postura lizunean zeuden horietako batzuk eta hori esateaz gain, honako hipotesia ere mahaigaineratu zuen: Iberiar Penintsulan espezie berriak nola hedatu diren kontuan hartuz gero, ez litzatekeela batere arraroa izango Jordi Pujol hurrengo Lehendakaria izatea. Garaian garaikoak erakusten du. Ikusiko dugu espezie horien dispertsio moldeek zer dioten …
Agian, hurrengo urtean Ugaldetxon elkartzen garenean, Jorgeren hipotesiaz eztabaidatuko dugu. Bitartean, onak eta zoriontsuak izan.


Denborak nola egiten duen aurrera! Badirudi atzo bildu ginela lehenengo aldiz Ugaldetxo Jatetxean eta badira, jadanik, bost urte Gipuzkoako Entomologia Elkarteko Jardunaldi Gastroentomologiko izendatu dugun ekitaldia antolatzen dela.
Aperitiboaren ondoren, denok mahaira. Bazkariaren ordua (s. str.) jende gutxiagorekin “partekatzen duzu” azkenean. Mahaikideak aurrean eta alboetan dituzten lagunekin erlazionatu daitezkeenez, soilik, honek mugimendu ahalmena murriztu egiten du, baina ez genuen inongo arazorik izan hitz egiten jarraitzeko. Hori egiaztatzeko, lehenengo platera, bigarrena eta postrea eskatzeko, egondako zailtasunak gogoratzea besterik ez dago. Hori hitz egin beharra! A ze pazientzia Arantzak eta Joxebak, menua apuntatzeko garaian!
Aurtengo ekitaldiak idatzi honetan ahaztu nahi ez ditudan hiru protagonista nagusi izan ditu.
Lehena, Pedro Aguilera. Aurreko ekitaldietan ohikoa izan den Pedro, joan den otsailaren 15ean moto istripu batean zendu zen. Dena den, han zegoen bere irudi bat mahai buruan, beste behin ere gurekin han zegoela adieraziz. Lerro hauetan eta gu denon oroitzapenetik, guztion esker ona agertu nahi diogu, bai egindako lanagatik, eta hori baino garrantzitsuagoa den bere izaeragatik.
Bigarren lekuan 15 urte dituen eta euskal entomologiaren etorkizuna den Eneko Olearen presentzia azpimarratu nahiko nuke. Nahikoa egin zuen mutikoak horrelako “azeri zaharren” bilerara etortzearekin. Niretzako, hau izan zen bertan aipatu ziren berri onen artean, onena. Entomologia euskaldunak “odol berria” baduela frogatzeak sortu didan poza ez dut gorde nahi, eta nire kideek egindako lanarekin jarraituko duenaren zalantzarik ez dut. Urtero biltzen gaituen Elkartearen aldakortasunaren eta aldagarritasunaren seinale garbia da Fernando Carasa, bertaratutakoen arteko zaharrena, eta Eneko, aldiz, gazteena, mahai berean aurrez aurre egotea. Eneko ez beldurtzea espero dut eta honelako ekitaldiak eta bere inguruko beste entomologo batzuk ezagutzeak giro honetan jarraitzeko adorea ematea. Eskerrik asko Eneko entomologiari eskaintzen diozun denboragatik, eskerrik asko bazkarira etortzeagatik, eta nola ez eskerrak eman zure ama Arantzari, gure pasadizoak patxadaz entzuteagatik.
Ezbairik gabe, Iñaki Mezquita da jardunaldiko hirugarren izena. Ez dakit nola esan. Uste dut ez naizela gehiegi deskuidatuko “Burduntzien Jauna” izena jartzen badiot. Bazkal ostean, eta 2007. urtean hasitako ohiturari jarraituz, Iñakik preziorik ez duen burduntzien argazki bilduma batekin liluratuta utzi gintuen, intsektu talde berezi horren ezagutzara gerturatuz eta intsektuei argazkiak egitea gustatzen zaigunengan inbidia ederra sortuz. Badirudi burduntziak berak argazkiak egin zitzan paratzen zirela.
Bestalde, Iñakik bertaratutako bakoitzari, berak egindako eta BBK “Temas vizcaínos” sailaren barruan argitaratutako Bizkaiko tximeletei buruzko liburu bat oparitu zigun. Ez dira burduntziak soilik posatzen dutenak; badirudi tximeletak ere konbentzitzen dituela argazkiak ateratzen uzteko eta gainera, oso politak ateratzen ditu.
Eskerrak Pedro, Eneko eta Iñaki entomologia amateurraren izaerari eta bultzadari bizirik eusteagatik. Eskerrak baita ere antolatzaileei eta beraien zereginak alde batera utzi zituztenei elkar ikustearren, batez ere, Carles Hernandori, Jordi Comasi eta Ignacio Riberari, hain zuzen ere, hauek baitira Ugaldetxora iristeko bide luzeena egin behar dutenak.
Laburbilduz, eta antolatzaileengan dugun konfiantzaz abusatuz, orain beste hilabete batzuk itxarotea besterik ez zaigu gelditzen, VI Ekitaldi Gastroentomologikoan berriro elkartzeko. Bitartean, aurrekoak gogoan edukitzeak itxarolnadia motzagoa egingo digunaren esperantzan nago.
Elkartuta, berriro ere.
Inork ezin du baieztatu erabateko segurtasunez, denboran errepikatzen den ohitura on bat usadio izatera noiz heltzen den. Ni ez naiz izango bidea urratzen saiatuko dena, adierazpen horiek baieztatuz edo okerkeria hori desegiten saiatuz. Edozein kasutan, eta lehengo aipuak alde batera utzirik, Gipuzkoako Entomologia Elkarteak antolatuta egin den 4. bilera gastronomiko-entomologikoa tradiziozkoa bilakatu dela esateko atrebentzia hartu dut, irizpen egoki edo desegoki horren arduradun bakarra ni naizelarik.
Solasaldiaren bukaeran, ohikoa den agur jarioa etorri zen, Gipuzkoako Entomologia Elkarteak duela oso gutxi ohikoa bihurtu duen honek, denbora luzean horrela iraun dezan zin egin ondoren. Horrela, eskubide osoz, behin betirako “Elkarteko bazkari tradizional” kalifikazioa hartu zuen.
Hurrengoaren irrikaz gaude, eta aurtengoan falta zirenak eta etortzen diren berriei esker, gure lagunartea eta ikusmuga entomologikoa gero eta zabalagoa izan dadin espero dugu, infinitua baino haratago behar bada.

Antolatzaileek, jangelara sartzeko ordua zela adierazi ziguten, puntual-puntual. Jangelara igo aurretik eguneko aurreneko ezustekoa izan genuen, Gipuzkoako Entomologia Elkarteko lagunek txartel bana eman baitziguten gure izen abizenekin paparrean jartzeko, horrela errazagoa baitzen ezagunak ez genituen lagunak identifikatzea. Horrela, bakoitzak bere txartela paparrean zintzilik zuela, jangelara igotzeko dauden eskaileretara abiatu ginen. Eskaileretan gindoazela, eguneko bigarren sorpresa onarekin egin genuen topo, jangelarako bidea gomazko artropodoez baitzegoen markatuta. Gure hanken aurrean jarrita zeuden euliek, armiarmek, kakalardoek, ortopteroek eta tximeletek ziruditen guri ongietorria ematera atera zirela, gure pausuak, eskaileretan gora jangelarantz gidatuz. Burura Erpurutxoren ipuina etorri zitzaidan. Denbora gutxian goiko jangelan elkartu ginen entomologo erpurutxo guztiak. Goian, ongi etorria emateko, ardoa, zizka-mizka hotz batzuk eta txorizoa sagardo erara eman zizkiguten, oso goxoak denak, eta aspaldian ikusi gabeko lagunekin hizketaldi lasai bat egiteko aukera paregabea izan genuen.
Berehala, bazkaria iritsi zen, aurreko urteetan bezala zaporetsua eta merkea. Jatetxekoek pazientzia galanta izan zuten denok eskatu bitartean. Bertaratuak isildu eta zerbitzariari kasu egitea izugarrizko esfortzua izan zen. Horretaz gain, konpainia jartzen badugu... Gehiago eskatzerik ba al dago?
Bazkaria konturatzerako bukatu zen. Jatetxe horretan denbora oso erraz joaten da. Ia konturatu gabe postre garaia iritsi zen. Imanolek, Xantik eta Fausek, prestatuta zeukaten hurrengo sorpresa. Postrea Antonio Valenciak eramandako diapositibak ikusi bitartean jan genuen. Benetako artelanak, natura aitzakiatzat hartuta. Oso detaile polita izan zen eta, bide batez, adituak lehian jarri genituen, nork identifikatuko pantailan agertzen ziren intsektuak.


Beno, zoritxarrez, edo agian zorionez, arratsalde horretan Osasunako jokalariek izugarrizko jipoia eman zieten Athleticeko jokalariei 0-3 irabaziz. Partidua bukatu zenean, pentsatzen hasi nintzen zer gertatuko zen partida jokatu eta galdu izan bagenu (oso arraroa izanagatik). Hala ere, Iñaki, hau irakurtzen baldin baduzu, egon lasai, hurrengoan seguru asko gogor arituko baikara, kartak eskuan, Ugaldetxoko mahai inguruan.
Mila esker bertaratutako guztioi eta, bereziki, ekitaldi eder hori antolatu zenuten guztioi, Euskal Herriko egutegi entomologikoan nahitaezko hitzordu bilakatzen ari baita. Urte askoan jardungo ahal dugu honen inguruan!
Goraintziak denoi eta besarkada handi bat.
Jatetxean lehengo urtean jaso genituen sentsazio onek oraindik irauten zuten eta, haiek erakarrita bezala, han joan ginen agertzen ordu-biak aldera. Dena behar bezala zihoan, Xanti, Imanol eta Faustino anfitrioi-antolatzaile lanak egiten, xehetasun guztietaz arduratzen, jendea integratuta sentitu zedin. Gainontzekoak ohoreak egitera eta ondo pasatzera joan ginen. Gehienok lehendik elkar ezagutzen genuenez, aurkezpenak eta bazter batera utzi eta entremes eta ardo ugari zegoen mahai baten inguruan jarri ginen berriketan. Lehenengo minutuak, talderik talde elkar agurtuz, falta zirenetaz galdezka, “in mente” ditugun proiektuei buruz hitz egiten, egindako lanagatik zorionak ematen [askok eskertu genien José Ignacio Recalde eta Iñigo Ugarteri Cassidei buruz egin zuten lana oparitu zigutelako (RECALDE IRURZUN, J. I. & UGARTE SAN VICENTE, I, 2005. Los Cassidinae de Navarra y la Comunidad Autónoma Vasca: Aproximación faunística y corológica (Coleoptera: Chrysomelidae). Heteropterus Revista de Entomología, 5: 65-96)], etab. pasa genituen.
Dena dela, eta Ugaldetxoko jabeen pazientziari esker, azkenean bazkaldar bakoitzak eskatu zituen lehenengo eta bigarrengo platera eta postrea. Bazkaria, lehengo urtean bezala: etxekoa, zaporetsua, ugaria, era askotarikoa, oso ongi prestatua, hobeto zerbitzatua eta gainera merkea.
Aurten hau idazten duena “mariposero”-en ondoan eserita egon zen. Hau, zuek uzten badidazue esaten dut, eta inolako kutsurik gabe. Aitortu beharra daukat lepidopteroak ez direla entomologian gehien interesatzen zaizkidanak eta gai horretan benetan ezjakina naizela, baina eskarmentu handiko lepidoptero hartzailez inguratuta eta hauek kontatzen dituzten kontuak entzunda, norbera ere gaian inplikatu egiten da eta azkenean hego ezkatadunak dituzten intsektu hauek erakarri egiten dute.
Manuel Aguirresarobe eta Fernando Carasak lan hauetan duten beteranotasunetik begiratzen digute eta, urteetan zehar eskaini duten denborarekin eta irmotasunarekin aurrera joateko indarra eta etsenplua ematen digute, entomologiak zer suposatzen duen pentsatzeko garaian. Oso atsegina izan zen ikustea zer arretarekin adierazten zituzten beraien aurkikuntzak, lanak, gerorako asmoak entzutea. Horrelako pertsonak ikusita eta entzunda oso erraza da ulertzea nola jarraitzen duen aurrera entomologiak, laguntza instituzionalik jasotzen ez badu ere. Animo lagunak!. Zuen ibilbideak aurrera egitera bultzatzen gaitu zalantzak eta adorerik ezak hartzen gaituenean.
Ezin dugu esan gabe utzi Ismael Sarabia eta Juan Antonio Sotok abileziaz kontatu zizkiguten Hego Amerikan eta Afrikan izandako esperientzia entomologikoak. Holografi animatuak izan baliran kontatzen zizkiguten sekuentziak mahai inguruan, non oihanaren iluntasunean eta bakardadean aurkitzen ziren fulgoridoetan espezializatutako entomologoekin, argi tranpa dena estaltzen zuten esfingido lainoekin edo argi tranpara iritsi baino lehenago lurrera erotzen ziren Titanus giganteus boteretsuekin, linterna eskuan eta elitro azpian dituzten mintzezko hegoekin egiten zuten soinuarekin gidatuta nola bilatzen ziren.
Mahaitik altxa eta gero Carles Hernando, Pedro Aguilera eta Ignacio Riberarekin egon nintzen hizketan eta horrela bueltatu nintzen nire benetako natur gunera: koleopteroetara. Proiektuak, agintzariak eta zorionak Carlesi, zeinak, lehengo urtean aurreneko aldiz bazkari hau egin genuenean egindako ibilaldian espezie berri bat aurkitzeko zortea izan zuena: Mayetia amicorum Hernando, 2005 [HERNANDO, C., 2005. Mayetia (s. str.) amicorum sp. nov. del País Vasco (norte de la Península Ibérica) (Coleoptera: Staphylinidae: Pselaphinae). Heteropterus Revista de Entomología, 5: 27-31.]. Ea aurtengoa ere hain emankorra suertatzen zaizuen!. 18:30ak aldera etxera buelta. Ezin dut utzi adierazi gabe, zer ondo pasa genuen etxerako bueltan, nire lagun Iñaki Alonsok eta hau idazten duenak, bazkarian igarotako uneak gogoratuz eta datozen urteetan horrelako momentu gehiago izango direnaren esperantza eta gogoarekin.
Agian deformazioagatik, edo justua delako soilik, idatzi honen azken lerroak eskerrak emateko izango dira: lehenengo Xanti, Imanol eta Faustinori eta, haien izenean, gertaera gastroentomologiko hau erraztu zutenei eta aurrera atera zedin eskuzabaltasunez elkarlana egin zutenei; eta bigarren lekuan Ugaldetxon elkartu ginen guztioi, egindako ahaleginarengatik eta sortutako giro ederrarengatik. Aipamen berezi bat Ignacio Riberari eta Ali Cieslak-i, zeintzuk bere semetxo Bernatekin etorri ziren. Horiek ikusita, nire alabak txikiak zireneko garaia etorri zait burura eta zein zaila zen hauekin alde batetik bestera mugitzea.
Eskerrik asko. Eskerrik asko denoi eta beste bat arte. Laster izatea espero dugu. Agur bero bat.
Bazen denboraren bat Santiago Pagola Carte eta Imanol Zabalegui Lizasoren burutan zebilela entomologo topaketa informal bat antolatzeko asmoa, elkar ezagutu eta solasaldi bat izan genezan; azken finean, aldizkari entomologikoetatik ezagutzen ditugun horiei "aurpegi bat jarri" eta bertaratu zirenen artean harremanak estutu, noski .
Azkenean pausoa eman eta Gipuzkoako Entomologia Elkarteko kideak adiskidetze-entomologiako bazkari batera deitu gintuzten, martxoaren 12an, larunbata, Urumearen ertzean leku zoragarri batean, Hernanitik Goizuetara dagoen errepidean 8,5. kilometroan dagoen Ugaldetxo Jatetxean.
Agertuz joan ginen, bilera ordurako, hau da, ordu-bietarako. 22 lagun bildu ginen. Lehengo lagun zaharrak agurtu eta ezezagunen aurkezpenen ondoren, jatetxe barrura jo genuen eta janaurreko batekin izotzaldia urtu zenean han hasi ziren gure artean desfilatzen lepidopteroak, koleopteroak, hainbat intsektu, intsektu-biltze ekitaldi ahaztezinak, proiektuak, artikuluei buruz ere jardun ginen, hitz batean entomologiaren mundu zoragarri honetan gabiltzanak biltzen garenean ohizkoa dena.
Etxeko bazkaria, zaporetsua, ugaria, ondo prestatua, hobeto zerbitzatua eta, gainera, merkea; leku zoragarri batean lagunekin elkartua, atsegin ditugun gaietaz hitz egiten. Zer gehiago eska daiteke?
Eta horrela, Iñaki Recalderen txisteekin, Jorgeren burutazioekin eta Leticiaren parren artean, isildu ere egin gabe joan zitzaizkidan hiru ordu motz haiek.
Bazkaria bukatu ondoren Carles Hernando et al.-ek jatetxe inguruan dagoen Urumea errekaren bazterrak lagintzearen tentazioari ezin eutsi eta lan horri ekin zioten, garai horretan ohikoa den bezala ur azkarrak eta geldiak zeramatzan, baina orokorrean baino hotzagoak eta ugariagoak egun batzuk aurretik botatako elurraren ondorioz.
