

AURKEZPENA
Joan den mendearen bukaera aldera, Gipuzkoako lagun batzuk elkartzen hasi ziren intsektuenganako zaletasunak eta grinak bultzatuta. Harik eta 1999an Gipuzkoako Entomologia Elkartea sortzea erabaki zuten arte. Gaur egun, logikoa denez, bazkideetako batzuk baino ez dira gipuzkoarrak, baina elkartearen izenak berdin dirau, haren jatorriari eta jarduera gehienen muinari lotuta.
Irabazi-asmorik gabeko elkartea da gurea, hastapenetako lagun-taldetxo horren nahiak eta kezkak helburutzat dituena:
1- Gure inguruneko entomofaunaren ikerkuntza.
2- Ezagutza entomologikoen zabalkundea.


Bi aldizkari argitaratzen ditugu, biak seihilabetekariak direnak orain. Izan ere, hauek dira Elkartearen bizitza eta helburuak adierazi nahiz bideratzeko modu nagusia:
1- Heteropterus Rev. Entomol., 2001etik aurrera, zientifikoa.
2- Heteropterus, 2000tik aurrera, dibulgaziokoa.
Elkartearen bestelako jardueren artean, nabarmentzekoa da Aiako Harria Parke Naturaleko entomofauna izeneko proiektua.